Gizartea -
'Mervichi' operazioa
Sei atxilotu Eibar eta Galdakaon kilometro-kontagailuak trukatzeagatik
Guztira, 15 delitu argitu dituztela uste du Guardia Zibilak. Biktimak EAEn eta Gaztela eta Leonen bizi dira. Operazioan, Suitzan lapurtutako auto bat berreskuratu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak sei pertsona atxilotu ditu Eibarren (Gipuzkoa) eta Galdakaon (Bizkaia), 40 ibilgailuren kilometro-kontagailuak manipulatzea egotzita. Operazioan, Suitzan lapurtutako auto bat berreskuratu dute guardia zibilek, eta dagoeneko ibilgailua jabeari itzuli diote.
Gobernuaren Ordezkaritzak agiri batean jakinarazi duenez, 15 delitu argitu dituztela uste du Guardia Zibilak. Biktimak EAEn eta Gaztela eta Leonen bizi dira. Eibarren eta Barakaldon ibilgailuen bi dendatan autoak erosi zituzten biktimek. Kilometro gutxiago jarrita, kontagailuak trukatu zituzten atxilotuek.
Atxilotuei iruzurra egitea eta merkataritza agiriak faltsutzea leporatzen diete, ‘Mervichi’ operazioan. Bigarren eskuko ibilgailuen salmentan mozkina areagotzeko ustez kilometro-kontagailuak manipulatzen zituzten. Horrela, irabazi handiagoa lortzen zuten.
2.000-6.000 euroko mozkina salmenta bakoitzeko
Odometroak trukatu ostean, ibilgailuak saltzen zituzten aldaketen berri eman gabe. Hala, beharko luketena baino salneurri handiagoa ordaintzen zuten erosleek. Saltzaileek 2.000-6.000 euroko mozkina lortu zuten salmenta bakoitzean.
Ikerketa 2015eko urtarrilean hasi zen. Biktima batek salaketa aurkeztu zuen, Eibarko lokalean auto bat erosi ondoren.
Saldutako ibilgailuari 133.000 kilometro kendu zizkiotela egiaztatu zuten guardia zibilek. Auto manipulatu gehiagoren bila hasi eta ikerketa sakonagoa abian jarri zuten orduan.
Ondoren, ikertutako bi negozioetan saldutako ibilgailu gehiagok kilometro-kontagailuak trukatuta zituztela egiaztatu zuen Guardia Zibilak.