Gizartea -

Iruñea

Zinegotzi bati ez diote alkoholemia froga egin, istripua izan ostean

Maider Beloki Iruñeko zinegotziak bi adineko harrapatu zituen autoarekin, baina ezbeharraren tokira bertaratu ziren udaltzaingoek ez zioten alkoholemia froga egin eta polemika piztu da.

Iruñeko kultura zinegotziaren istripuak polemika piztu du

1:12

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maider Beloki Iruñeko Udaletxeko Kultura, Hizkuntza Politika, Hezkuntza eta Kirol hautetsiak istripua izan zuen joan den abenduaren 31n eta bertaratu ziren udaltzaingoek ez zioten alkoholemia froga egin.

Belokik berak azaldu duenez, ezbeharra urteko azken egunean, arratsaldean, gertatu zen, San Silvestre lasterketako sari-banaketa parte hartu ostean. Autoa aparkatuta zuela, atzeraka hasi eta adineko gizonezko eta emakume bat harrapatu zituen. Azken hori ospitalera eraman behar izan zuten, hezurren bat hautsita zuelako.

Udaltzaingoak istripuaren tokira bertaratu ziren, ohiko segurtasun dispositiboa jarri zuten martxan, baina Belokiri ez zioten alkoholemia frogarik egin, bi zaurituei laguntzea lehenetsi zutelako. Hala azaldu du Xabier Ibañez Iruñeko Udaleko Herri Segurtasunerako zuzendariak.

Belokik esan du bere “kezka bakarra” zaurituei laguntzea izan zela. “Lehendabiziko aldia da horrelako istripu bat daukadala eta senak zauritu dituzun pertsonei laguntzera bultzatzen zaitu, momentu batean ere ez zitzaidan burutik pasatu alkoholemia frogarena”, azpimarratu du.

Belokik esan du berak eman ziola istripuaren berri Udaltzaingoari, haien aurren ez zela zinegotzi moduan identifikatu eta, hala eskatu izan baliote, alkoholemia froga egiteko inolako arazorik izango ez zuela nabarmendu du.

Joan den larunbatean istripuan zauritutako emakumea bisitatzen izan zela eta ahalik eta azkarren bere onera etortzea desio diola ere adierazi du.

Bestalde, Ibañezek jakinarazi du udaltzaingoek ez zutela inolako zantzurik antzeman Belokik alkohola edan zuela pentsatzeko, baina aitortu du trafiko istripuetan ohikoa izaten dela alkoholemia frogak egitea.

Gauzak horrela, Herri Segurtasunerako zuzendariak gertakariaren inguruko txostena eskatu die udaltzainei, froga hori zergatik ez zuten egin azal dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Euskal Herrian Iruñea Gaurko albisteak Nafarroan Gizartea bideoak Albisteak