Gizartea -
Immigrazioaren drama
Gutxienez hiru pertsona hil dira Ceutako harresia zeharkatzen saiatzen
GKE batek laura igo du hildakoen kopurua. Abenduaren 25ean beste hiru etorkin hil ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez hiru pertsona hil dira bart Marokon, Ceutako (Espainia) harresia zeharkatzen saiatzen, lekukoen testigantzak aipatuta bi GKEk jakinarazi dutenez.
Helena Maleno Caminando Fronteras GKEko kidearen esanetan, hildakoak hiru izan dira, itota, baia Camara Lay Saharaz azpiko etorkinen Kontseiluko koordinatzaileak laura igo du kopurua.
Hori bai, biak bat etorri dira datu batean: harresia zeharkatzeko ahaleginari “indarkeria bortitzez” egin diete aurre Marokoko zein Espainiako segurtasun indarrek.
Oraingoz ez dago argi nongoak diren hildakoak, orain arteko informazio bakarra lekukoek emandakoa baita, hots, gorpuak ikusi dituztela uretan.
Abenduaren 25ean, 185 pertsonak Ceutan sartzea lortu zuten, baina, saiakera horretan, hiru hil ziren.