Gizartea -
Olatu handiak
Kostaldea alerta laranjan dago olatuek kalteak eragin ditzaketelako
Asteartean goizeko seietan aktibatu da alerta laranja eta asteazkeneko arratsaldeko hirurak arte egongo da indarrean, zazpi metrora arteko olatuak tarteko.
Agentziak | Erredakzioa
Kostaldea alerta laranjan dago olatuengatik. Gaurko espero da okerrena, bereziki arratsaldetik aurrera. Kostaleko pasealeku ugari itxita daude eta ur kirolak eta itsasontzien joan etorria debekatuta, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.
Datozen orduetan olatuak 7 metrora iritsi litezkeela jakinarazi du Euskalmetek. Itsasertzean, udalerriak prest dira. Bermeon (Bizkaia) protokolo berria martxan jarri dutela adierazi du Benito Ibarrola Udaleko Zerbitzuetako zinegotziak.
Alerta laranjak bihar ere jarraituko du, arratsaldeko hirurak bitartean. Hainbat udalerritan pasealeku eta kaiak itxi dituzte. Donostian, Paseo Berria itxita egongo da ibilgailu eta oinezkoentzat alerta laranja den bitartean.
Olatuaren altuera adierazgarria goizaldean 5 m-ren bueltan kokatuko da eta igotzen joango da eguerdi partean 5-6 m inguruan kokatu arte eta arratsalde eta gauean 6-7 m inguruan.
Alerta laranja asteazkeneko arratsaldeko hirurak arte mantenduko da. Hortik aurrera olatuaren altuera jaisten hastea espero da. 15:00etatik 00:00etara itsasaldeko arriskuagatik eta olatuaren altueragatik abisu horia egongo da indarrean.