Gizartea -
Kopenhageko porrotaren ostean
EBk baztertu egin du Mexikon klima aldaketari buruz akordioa lotzea
Connie Hedegaard Klima Ekintzaren Europako komisarioak azaldu duenez, Cancunen akordio lotesle bat lortzeko prest daude europarrak, baina beste Estatuak, antza denez, ez.
Erredakzioa
Klima-aldaketari aurre egiteko estrategia berria jakitera eman du gaur Europako Batzordeak Estrasburgon (Frantzia), Kopenhageko goi-bilerak porrota izan eta hiru hilabete geroago, baina NBEko Mexikoko goi-bileran, urte bukaeran, akordio lotesle bat lortzea ez du espero Europar Batasunak.
"Europar Batasuna ez da arazoa", esan du Connie Hedegaard Klima Ekintzaren Europako komisarioak prentsaurrekoan. Hedegaarden ahotan, Cancunen europarrak akordio lotesle bat lortzeko prest dira, baina beste Estatuak, dirudienez, ez. Ondorioz, akordioa 2011ra arte atzeratu daiteke.
Komisarioaren arabera, munduak "aukera paregabea" utzi zuen pasatzen Kopenhagen, Kiotoko protokoloa 2013an ordezkatu behar zuen nazioarteko akordioa lortu ez zuelako. Goi-bilera hartan anfitrioia izan zen Hedegaard, izan ere, orduan Danimarkako Klima ministroa zen.
Orain "funtsezko emaitza espezifikoak" lortzeko ahal den guztia egin behar da urte bukaeran, Cancunen (Mexiko), eta akordio bat bermatu gehienez jota Hegoafrikako bileran (datorren urtean).
22.143 milioi
Testuinguru honetan, EBko Exekutiboak ahalik eta azkarren Danimarkako hiriburuan iragan abenduan adostutako elementuak aplikatzea proposatu du gaur. Horrela, 22.143 milioi euro emango diete 2010 eta 2012 artean garapen bidean diren herrialdeei, klima-aldaketari aurre egiten laguntzeko. Horietatik 7.200 milioi euro emango ditu EBk.