Gizartea -
Ordubetez
Idoia Mendiak Paco Larrañaga bisitatu du Martuteneko espetxean
Larrañagari Espainiako legediak eskaintzen dituen onuretaz baliatzeko aukera aztertu behar dela uste du Justizia sailburuak. Bortxaketa eta hilketa egotzita espetxeratu zuten Larrañaga.
Erredakzioa
Idoia Mendia Justizia sailburuak Paco Larrañaga euskal jatorriko preso filipinarra bisitatu du Martuteneko kartzelan. Larrañagari Espainiako legediak presoentzako eskaintzen dituen onurak aplikatu ahal zaizkion aztertu behar dela uste du. Justizia Sailak ohar batean jakitera eman duenez, bisitak ordubeteko iraupena izan du eta Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta Ines Ibañez de Maeztu Eusko Jaurlaritzaren Giza-eskubideen zuzendaria ere izan dira presoarekin. Mendiak esan duenez, Larrañaga, oro har, ondo dago eta presondegiko jardueratan normaltasunez hartzen du parte. Paco Larrañagari 1997. urtean Jaqueline eta Manjoy Chiong ahizpak bahitzea, bortxatzea eta hiltzea leporatu zioten. Filipinetako Auzitegi Nagusiak heriotza-zigorra ezarri zion, baina 2006an kondena horren ordez bizi osorako kartzela-zigorra ezarri zioten.
2009ko urrian, hainbat gestio diplomatiko egin ostean, Madrileko Soto del Real kartzelara eraman zuten, eta handik Donostiako Martutene espetxera, abenduaren 22an, izan ere, Gipuzkoan senideak ditu eta bertara eramatea zen bere nahia.