Gizartea -

Nazioarteko sarea

Irandarrak Europan sartzen zituen sare bat desegin dute

Bilboko Aireportuan abiatutako ikerketa bati esker lortu dute sarea desegitea. Gaizkileek agiri faltsuak helarazi dizkiete hainbat irandarrei, Schengen eremuan sartu ahal izateko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak Espainian jarduten zen sare bat desegin du, Europan Irango herritarrak legez kanpo sartzen zituelako, pertsona bakoitzak 15.000 euro ordainduta. Gainera, zazpi pertsona atxilotu ditu, sei Madrilen eta bat Fuengirola Malagako hirian.

Ikerketa RALON Britainia Handiko poliziarekin elkarlanean burutu dute. Izan ere, lanak Bilbon abiarazi zituzten, Loiuko Airepotuan Britainia Handira bidaiatu nahi zuten lau irandar atzeman zituztelako, Greziako pasaporte faltsuak erabilita.

Poliziaren arabera, azken bederatzi hilabeteotan sareak 50 lagun baino gehiago sartu ahal izan ditu, denak Ekialde Hurbilekoak, baimen faltsuak eginda.

Antza denez, Irango herritarrak sarrarazten zituzten Schengen eremura, aipatutako baimen faltsuen bidez, beti ere 10.000-15.000 euro ordainduta.

Behin Europan zeudenean, Madrilera joaten ziren, bai lurretik, baita airetik ere, eta Espainiako hiriburuan zeudenean, hoteletan sartu eta Greziako pasaporte faltsuak ematen zizkieten, Erresuma Batura bidaiatu ahal izateko, Europako hiritar gisa.

Organizazioak kontrol handia zuen etorkiengan, tratu txarrak ematen zizkieten haien esanak ez bazituzten betetzen, eta senideak ere mehatxatzen zituzten, zabaldu du Poliziak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilboko azken albisteak Migrazioa Europa Bizkaia Albisteak Iran