Gizartea -
Lapurreta eta iruzurra
50 atxilotu, txartelak klonatuta milio bat euroko iruzurra egiteagatik
Espainiako Poliziak Madrilen, Leonen, Bartzelonan, Sevillan, Albaceten eta Valentzian egin ditu atxiloketak, eta atxilotuetako 27 enpresaburuak dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Poliziak 50 pertsona atxilotu ditu estatu espainiarrean, kreditu txarteletako datuak lapurtu eta kreditu txartel faltsuetara iraulita, 1,1 milioi euroko iruzurra egitea egotzita.
Poliziaren arabera, atxilotuek kreditu txarteletako datuak erosten zituzten, gero, txartel horien klonak egin eta iruzurra gauzatzeko. Aipaturiko txartelak baliatzen zituzten sareari atxikitako saltokietan gezurrezko erosketak egiteko. Ondoren, sareko kideen eta ostalarien artean banatu ei zuten irabazitako dirua.
Polizia operazioaren arduradunek azaldu dutenez, atzemandako sareak faltsifikazioak egiteko lau laborategi zituen Madrilen eta bertan txartelak irakurtzeko eta grabatzeko irakurgailuak, ordenagailuak, inprimagailuak eta imitazioak egiteko bestelako materialez beteak zituen.
Halaber, Poliziak ordenagailu eramangarri bat atzeman du, zeinarekin atxilotuetako batek kreditu txartelak "tokian bertan" faltsifikatzen zituen.
Ustez, sareko kide batzuk datuak eskuratzeaz eta kreditu txartelak faltsifikatzeaz arduratzen ziren bitartean, beste batzuk kreditu txartelak saltokietan erabiltzeaz eta kutxazain automatikoetatik dirua ateratzeaz arduratzen ziren, eskudirua izateko edota gero merkatu beltzean saltzen zituzten produktuak eskuratzeko.
Atxilotuetako gehienak Madrilgo autonomia erkidegoan harrapatu dituzte eta horien artean nigeriarrak, dominikarrak, ginearrak, poloniarrak, pakistandarrak eta espainiarrak daude. Halaber, polizia operazioaren baitan 13 etxebizitza miatu dituzte Madrilgo autonomia erkidegoan eta 12.770 euro, 80 eskuko telefono, 32 SIM txartel, dokumentu faltsuak eta iruzurraren bitartez eskuratutako produktuak atzeman dituzte.