Gizartea -
Zauriturik ez
Sute batek kalte handiak eragin ditu Murillo el Frutoko etxe batean
Txakurraren zaunkek etxebizitzako jabea esnatu dute. Sua tximinian hasi dela ematen du. Sugarrek berehala teilatua hartu dute. Egurrezko egitura zuen eta teilatuko zati bat behera etorri da.
Agentziak | Erredakzioa
Sute batek kalte handiak eragin ditu Murillo el Frutoko (Nafarroa) etxebizitza batean, goizaldean, baina ez du zauriturik utzi. Etxe barruan jabea baino ez zegoen, eta bere txakurraren zaunkek esnatu dute.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, 02:10 aldera emakumeak 112 zenbakira hots egin du sutearen berri emateko. Etxebizitza kale nagusiko 91. zenbakian dago.
Tafalla, Azkoien eta Cordovillako suhiltzaileak bertaratu dira. Sua etxeko tximinian hasi dela ematen du, eta berehala teilatura zabaldu da. Teilatuak egurrezko egitura du eta zati bat behera etorri da. Horren ondorioz, bigarren solairuko zoruak ere su hartu du.
Suhiltzaileen kamioi bat Murillo el Fruton. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Hondakinak kenduta
06:30 aldera alde egin dute suhiltzaileek, sua guztiz itzali eta hondakinak kendu ondoren. Era berean, teilatuan olana jarri dute etxea euriarengandik babesteko.
Anbulantzia bertaratu da, baina ez du esku hartu behar izan. Foruzaingoa sutearen arrazoiak ikertzen ari da.