Gizartea -
Estatuko datuak
Hiru biztanletik bik ez dakite ingelesez idazten eta hitz egiten
Langabeziak herritarrei eragiten dien kezka hamarkadako maila gorenera iritsi da, Estatuko biztanleriaren % 81ek kezka nagusitzat jo du eta.
Erredakzioa
Espainiako Estatuko herritarren % 63k ez dakit ingelesez idazten eta hitz egiten. % 7k soilik irakurtzen dute eta % 6,4k idazten, Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS), otsaileko datuetan oinarrituta, jakitera eman duenez. % 23k, berriz, badaki ingelesez hitz egiten eta idazten.
Bestalde, Estatuko herritarren erdiek, aukera izango balute, ingelesez ikasiko luketela onartu dute, baina % 26,5ek ez dute hizkuntzarik ikasi nahi.
Era berean, inkesta egin dutenen lautik bat kaltetuta sentitu dira lan alorrean edo ikasketetan hizkuntza jakin bat menperatzen ez zutelako.
CISen txostenean agertzen denez, Estatuko herritarren % 8,8k badaki frantsesez hitz egiten, % 1,6k alemanieraz, % 1,4k italieraz eta % 1,2k portugesez.
Langabezia da kezka nagusia
Langabeziak herritarrei eragiten dien kezka hamarkadako maila gorenera iritsi da, Estatuko biztanleriaren % 81ek (urtarrilean baino % 0,9 gutxiago) kezka nagusitzat jo du eta.
Gainera, herritarrak geroz eta kezkatuago daude klase politikoarekin, eta hirugarren postura igo da kezka nagusi bezala (% 16,8k aipatu dute). Ekonomiaren egoera eta pentsioen etorkizuna ere agertzen dira zerrendan.
Langabeziaren ostean, inkesta egin dutenek ekonomia aipatzen dute (% 47,8). Distantzia handira geratu dira klase politikoa eta alderdiak, % 16,8rentzat baitira arazo nagusi (urtarrilean baino % 4 gehiago). Laugarren geratu da immigrazioa (% 16,5) eta bosgarren terrorismoa, herritarren % 12,5 kezkatzen ditu, aurreko hilean baino % 5,1 gutxiago.