Gizartea -
Epaiketa
Madrid Arenaren jairako 17.500 sarrera jarri zituen salgai Floresek
Auzipetu nagusiak esan duenez, ordea, 9.650 bakarrik saldu zituzten. Dena dela, kopuru hori ez dator bat saldutako paperezko sarreren eta txartel digitalen arteko batuketarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Miguel Angel Flores Madrid Arenaren tragediako epaiketako inputatu nagusiak aitortu duenez, 2012ko azaroaren 1eko jairako 17.500 sarrera jarri zituen salgai (gehienezko edukiera 10.600 lagunekoa zen), baina azkenean 9.600 bakarrik saldu zituzten.
Adierazpenok atzo abiatu zen epaiketaren bigarren egunean egin ditu Floresek, fiskalak egindako galderei erantzunez. Orain arte ikusi gabeko bideo batekin hasi da bigarren saio hau. Jende-oldeak eragindako izua eta kontrolik eza erakutsi dituzte irudiok.
"Inprimategiari 17.500 paperezko sarrera eskatu nizkion, 00001 zenbakitik 17.500era. Sarrerok harreman publikoetan aritzen ziren lagunen eta salmentaguneen artean banatu ziren, udan", azaldu du Floresek.
Guztira, horren hitzetan, 9.650 sarrera saldu zituzten. Dena dela, kopuru horrek ez du saldutako sarrera fisiko eta digitalen batuketarekin bat egiten. Izan ere, paperezko 5.650 sarrera eta 5.578 sarrera digital saldu zirela adierazi du; denera, 11.228, beraz. "Kopuruek ez dute bat egiten", ohartarazi dio fiskalak.
Sarrerez gain, gonbidapenak ere banatu zituen festaren antolatzaileak; 50 eta 100 artean.
Fiskalak emandako datuen arabera, "gutxienez" 22.800 lagun izan ziren Halloweeneko festan, gehienez 10.600 lagunentzako tokia zegoen arren.
Jende-oldearen bideoa
Floresen deklarazioa hasi baino lehen, tragediaren eguneko zein ondorengo egunetan pabiloian grabatutako bideoak erakutsi dituzte, horietako bat orain arte erakutsi gabea. 03:35ean Madrid Arenako korridoreetako batean izandako jende-oldearen irudi itogarriak ikusi ahal izan dira azken horretan.
Bideoan, jende artean harrapatuta dauden lagunak ikus daitezke, eta segurtasuneko kideek horietako batzuk ateratzen saiatzen ari direla.