Gizartea -

Eguraldia

Asteburu honetan iritsiko dira lehen elurteak

Hurrengo egunotan, 500 metrora elurtuko du ia Euskal Herri osoan, eta, horrenbestez, mendi gainak zurituta ikusiko ditugu.

Urzainki (Nafarroa), joan den astean. EFE
Urzainki (Nafarroa), joan den astean. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarrita du atzotik, 100 kilometro orduko haizeak izango baitira, eta ostiralean 500 metrora elurtuko duelako. Elurteengatik larunbata eguerdira arte egongo da abisu horia.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, negu itxura hartuko du gaur eguraldiak. Ipar isurialdean goizean etengabe egingo du euria eta arratsaldean tarteka zaparradak botako ditu. Hegoaldean ere, goizean euria egingo du, baina arratsaldean ostarteak irekiko dira eta euri gutxiago egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da ia egun osoan, eta egunak aurrera egin ahala, hoztu egingo du. Egun amaieran elur-maila 1000 metrora jaitsiko da. Izotza mendi inguruetan eta gauean soilik egingo du.

Bihar elurra izango da protagonista. Goizaldean, kota 800-1.000 metrora kokatuko da, baina 600-800 metrora jaitsiko da eguerdian, eta 500 metrora arratsaldean, batik bat ekialdean. Hori horrela, 15 zentimetro elur pilatuko da 1.000 metrora, eta 5 zm 600 metrora.

Euria ere egingo du bihar, oro har itsasaldean, eta ekaitzak egongo dira Araban eta mendiguneetan.

Larunbaterako, Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du elurragatik eguerdia arte, izan ere, Euskalmeten arabera, 500-800 metrora egingo du elurra.

NAFARROA

Foru Erkidegoan gaur nabarmen egingo du behera elur kotak. Egunaren hasieran, 1.500 metrora zurituko du, eta 800-900 metrora orduek aurrera egin ahala, Aemet Espainiako meteorologia agentziaren arabera.

Ostiralean eta larunbatean ere beheranzko joeran jarraituko du kotak, 400-600 metrora egingo baitu elurra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripu Hilgarriak Trafikoa Nafarroa gaur Alerta meteorologikoak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguraldia Donostia Gizartea albisteak Gipuzkoako trafiko telefonoa Trafiko webkamerak Albisteak