Gizartea -
Ezbehar larria Bizkaian
Aitor Bugallo txirrindulari ohia hil da Berrizeko istripuan
42 urte zituen, eta Euskaltel taldean aritu zen txirrindulari profesional gisa. 35 urteko beste pertsona batek ere zauriak izan eta ospitalera eraman dute.
eitb.eus
42 urteko gizon bat, Durangoko bizilaguna, hil eta beste bat zauritu da Berrizen (Bizkaia), bi ibilgailuk talka eginda, Ertzaintzak Radio Euskadiri jakitera emandakoaren arabera. Istripua BI-633 errepidean jazo da, Arrangizganean, 34,9 kilometroan, SOS Deiakek zehaztu duenez.
Ezbeharraren ondorioz, errei bat itxi behar izan dute, Ondarroako noranzkoan, eta Ertzaintzak zirkulazioa desbideratu du.
35 urteko zauritua Galdakaoko ospitalera eraman dute, larri. Mallabian bizi da.
Istripua 06:00ak aldera gertatu da, eta Ford Focus bat eta Ford Mondeo bat nahasi dira, Segurtasun Sailaren esanetan.
Azken ibilgailu hori zeraman gidaria berehala hil da. Bertaratu diren osasun-langileak hura suspertzen saiatu dira, baina alferrik izan da.
Hildakoa Aitor Bugallo da, Euskalteleko txirrindulari ohia
Gaur goizean Berrizen izan den trafiko ezbeharrean hil den gizonezkoa Aitor Bugallo txirrindulari profesional ohia da. 1996 eta 1997 urteetan Euskadi taldean aritu zen, baita 1998an ere, baina Euskaltel-Euskadi izenarekin. 42 urte zituen eta jatorriz Gasteizekoa zen.