Gizartea -
Emakumeenganako indarkeria
Atxilotu bat Bilbon, emakume bat atxikitzea eta kolpatzea egotzita
Biktimak zauriak eta kolpeak ditu eskuan eta aurpegian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 58 urteko gizonezko bat atxilotu du Bilbon emakume bat atxikitzea, hari eraso egitea eta mehatxu egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez.
Biktimak goizaldeko lauretan Miribilla auzoko Ertzaintzaren patruila batengana jo zuen salaketa jartzera. Haren lekukotzaren arabera, gau horretan bertan Gorte kalean ezagutu zuen gizonezko batek eraso egin zion.
Emakumearen esanetan, gizonezkoaren autoan sartu zen eta, aurrez adostutako lekura ez zihoazela ohartu zenean, borrokan hasi ziren. Are gehiago, labanarekin mehatxu egin eta jo egin ziola salatu zuen.
Azkenean, giltza autotik atera eta ihes egitea lortu ei zuen. Biktimak zauriak eta kolpeak ditu eskuan eta aurpegian.
Salaketa jarri eta gutxira, Ertzaintzak gizonezkoa aurkitu eta atxilotu egin zuen.