Gizartea -
Jazoera
Usurbilen falta zen 49 urteko gizona hilda aurkitu dute
Oria ibaian aurkitu dute haren hilotza. Ustez, angulak harrapatzera atera zen 49 urteko gizonaren senitartekoek ostiral goizaldean galdu zuten haren arrastoa.
Agentziak | Erredakzioa
Ostiralaz geroztik Usurbilen falta zen 49 urteko gizonaren gorpua aurkitu dute Oria ibaian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez. 10:30 aldera topatu dute Aginagan, Lastola parean; gizonaren autoa eta angulak harrapatzeko zerabilen bahea topatu zituzen tokitik 20 metro eskasera.
Larrialdi Zerbitzuek gaur goizean berrekin diete bilaketa-lanei, atzo gauean bilaketa lanak eten ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Aginagan eta Oria ibaiaren inguruak miatu dituzte batik bat.
Suhiltzaileak, Ertzaintzaren Urpekaritza eta Txakur Unitateko kideak eta helikoptero bat Oria erreka eta Aginaga auzoa arakatzen aritu dira. Aipatutakoekin batera Gurutze Gorriko eta DYAko boluntarioak jardun dira bilaketa-lanetan.
49 urteko gizonaren senitartekoek larunbat arratsaldean jarri zuten salaketa, ustez, angulak harrapatzera irten eta etxera itzuli ez zela ikusita. Senitartekoek ostiral goizaldean galdu zuten haren arrastoa.
Larunbat arratsaldean, gizonaren autoa aurkitu zuten.