Gizartea -
Atxiloketak
Ekialdeko mafien aurkako polizia operazioa EAEn
Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu Getxon, baina guztira 24 pertsona atzeman dituzte Estatuan, eta 69 Europa osoan. Getxon atxilotuetako bat erakundeko "buruzagi nagusietakoa" zen.
Erredakzioa
Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu gaur goizaldean Getxon (Bizkaia), Errusiako eta Georgiako mafien aurka Europako hainbat herrialdetan egiten ari diren operazio handi baten baitan, Herrizaingo Sailaren iturriek baieztatu dutenez.
Orotara 24 pertsona atzeman dituzte Estatuan, horietako hamar inguru Katalunian, eta 69 Europa osoan.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak informatu duenez, Getxon atxilotuetako bat erakundeko "buruzagi nagusietakoa" zen, Europa mailan.
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, sailburuak adierazi du operazioa "oso inportantea" dela, eta oraindik zabalik dagoela, Getxon "eta beste hainbat herritan" miaketak egiten ari baitira.
Operazioa Drogaren eta Krimen Antolatuaren aurka Espainiako Poliziak duen taldeak abiatu du, baina Ertzaintza eta Esquadra Mossoak ere ari dira parte hartzen.
Espainian atxilotutakoek "legezkoak ziruditen negozioak" abiatzen zituzten, eta, besteak beste, legez kanpoko elkarte bateko kide izatea, dirua zuritzea, mehatxu eta estortsio egitea, droga-trafikoa eta armak edukitzea egotzi diete. Dena dela, baliteke hiltzeko helburuz konspiratzea ere egoztea azkenean.
Atzerrian, operazioa Austrian, Alemanian eta Suitzan abiatu dute batik bat, baina Frantzian eta Italian ere atxiloketa batzuk egin dituzte.
Atxilotutakoek Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratuko dute aste honetan.