Gizartea -
BILBO
Bilboko etxebizitzetan izandako dozena bat lapurreta ikertzen ari dira
Aldamioetan eta tutuerian gora eginda, etxeetara leihoetatik eta balkoietatik sartzen diren gaztetxoak omen dira egileak. Santutxun, Begoñan eta Uribarrin izan dira lapurretok.
Agentziak | Erredakzioa
'Los Pichis' ezizena duen adingabeen talde bat egon liteke Bilboko hainbat auzotan azken egunotan izandako lapurreten egile.
El Correo egunkariak gaur kaleratu duenez, 2016a hasi zenetik dozena bat lapurreta izan dira Santutxu, Uribarri eta Begoña auzoetan. Ertzaintza gertakariak ikertzen ari da, eta oraingoz, ez du inongo xehetasunik eman nahi izan.
Lapurrek etxebizitzetara sartzeko modu berdina erabili dute kasu guztietan: aldamioetan eta tutuerian gora eginda, leiho edo balkoiak apurtu eta topatzen dituzten bitxi, gailu elektroniko eta dirua ebasten dituzte. Lapurrek gazte itxura dute, egunkariak aipatutako lekukoen arabera.
Ollerias auzoan bizi den adingabe talde bat, 'Los Pichis' ezizenaz ezaguna dena, izan daiteke lapurreten egile, betiere egunkari bizkaitarrak zabaldutako informazioaren arabera.