Gizartea -
Garraioak
Metroaren 5. Lineako azterketa maiatzean amaituko du Jaurlaritzak
Metroaren 5. Lineako azterketa informatiboa bizkortzeko agindua eman zuen Garraio Sailak irailaren 28an, 2009ko otsailetik geldirik baitzegoen.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Garraio Saileko kideak Euskal Trenbide Sareko teknikariekin eta Galdakaoko Udalaren (Bizkaia) ordezkariekin bildu dira gaur, Metroaren 5 Lineako azterketa informatiboa "bide onetik" doala azaltzeko. Maiatzean azterketa amaituko dutela jakitera eman dute.
Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailak 5 Lineako azterketa informatiboa bizkortzeko agindua eman zuen irailaren 28an, 2009ko otsailetik geldirik baitzegoen.
Arratsaldeko bileran, iragan urriaren amaieran egin bezala, ibilbide posibleko alternatiben detaileak jakinarazi eta azken aurrerapausoak azaldu dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundia
Gasteizko Exekutiboak jakitera eman duenez, behin betiko emaitzak eskuan dituztenean Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan jarriko dira, biak batera alternatiba eta ibilbide ezberdinak aztertzeko eta etorkizunean hartu beharreko erabakiak definitzeko, epeak eta inbertsioak ezarriz.
Zentzu horretan, Galdakaora metro zerbitzua eramateko konpromisoa berretsi du Eusko Jaurlaritzak, baina erakunde guztien ekarpena "ezinbestekotzat" jo du.