Gizartea -
Gertaera
Donostian hildako gizona itota zendu zen, autopsiaren arabera
Jaten ari zena kontrako eztarritik joan zitzaion. Gizona ez zen etxegabea, atzo hala jakinarazi bazen ere. Emakumea berez hil zen.
eitb.eus
Donostian, Boulervardean (hiriko erdigunean) eta ordu gutxiko tartean, hildako bi lagunen auzia argitu da azkenean. Bi gorpuei egindako autopsien arabera, itota hil zen gizonezkoa eta berezko heriotza izan zuen emakumeak. Heriotzek ez dute, beraz, elkarren arteko harremanik.
Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, gizona bokata bat jaten ari zen, eta zati bat kontrako eztarritik joan zitzaion. Itota zendu zen handik gutxira.
Eguerdian hil zen 45 urteko gizona. Ondoezik ikusi zuten etxegabe batzuek larrialdi zerbitzuetara deitu zuten. Izan ere, atzo hala zabaldu bazen ere, hildako gizona ez zen kalean bizi, baina etxegabeek artatu zutenez, hala pentsatu zen aurrena.
Ordu batzuk lehenago, 06:30 aldera, emakume baten gorpua topatu zuten gizona hil zen lekutik metro gutxira dagoen kutxazain batean. Autopsiak baieztatu duenez, berez hil zen.