Gizartea -
Neurri polemikoa
Osasun zerbitzuko kontratazioak blokeatu ditu Nafarroako Gobernuak
2010eko lehen bi hilabeteetan gastua handitu egin dela kontuan hartuta hartu du erabaki hori. Gauzak horrela, neurri horrek ordezkapenetan izango du eragina.
Erredakzioa
Nafarroako Ogasunak ez-ohiko bilera egin zuen joan den ostegunean eta Osasun Zerbitzuko kontratazio berriak etetea erabaki zuen; neurria asteburuan sartu zen indarrean, gaur Diario de Noticias de Navarra egunkariak argitaratu duenez.
Nafarroako Gobernuaren akordio batean du oinarria erabaki honek, izan ere, urtearen lehendabiziko bi hilabeteetan gastu hazi egin dela antzeman dute. Hemendik aurrera Funtzio Publikoko zerbitzuaren baimena ezinbestekoa izango da kontratazio bat egin ahal izateko.
Osasun Zerbitzuko mahai sektoriala erabakia hartu eta biharamunean bildu zen, baina Osasunbideako arduradunei ez zitzaien horren berri eman, aipatu iturrien arabera. Ospitale eta osasun zentro ezberdinetako sindikatuak haserre agertu dira, bihar bilera egingo dute eta azalpenak exijituko dituzte.