Gizartea -

Segurtasuna

Lau gazte atxilotu dituzte Bilbon nerabe bati lapurtzea egotzita

Lapurreta urriaren 10ean gertatu zen. Lapurrek beste gazte bati eraso egin eta diru-zorroa eta mugikorra kendu zizkioten Bilboko metroan, Bolueta eta Abando artean.

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 16 eta 21 urte arteko lau gazte atxilotu zituen asteartean, Bilbon, iragan urrian nerabe bati lapurtzea egotzita, Segurtasun Sailak gaur jakitera eman duenez.

Biktimaren lagunek eta beste pertsona batzuek aurre egin zieten lapurrei, eta, horren aurrean, erasotzaileek ihes egin zuten.

Ertzaintzaren aurrean aurkeztutako salaketaren arabera, gertakariak urriaren 10ean, 06:00ak aldera, jazo ziren.

Lapurrek beste gazte bati eraso zioten Bilboko metroan, eta diru-zorroa eta telefono mugikorra kendu zizkioten, Bolueta eta Abando artean.

Antza denez, biktima lo zegoela aprobetxatu zuten erasoa egiteko. Salatzailearen lagunek eta bidaiariek, baina, aurre egin zieten erasotzaileei.

Abandoko geltokira heldu zirenean, erasotzaileek ihes egin zuten, metroko zaindariak bertan zeudelako.

Beste hiru inputatu

Gainera, 19 eta 23 urte arteko beste hiru gazte identifikatu eta inputatu dituzte, gertakariekin zerikusia dutelakoan. Aurrekariak dituzte guztiek.

Asteburuetan borrokak eta lapurretak egin ohi dituen talde bateko kideak direla uste du Ertzaintzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Delituak albisteak Albisteak Umeak azken ordukoa