Gizartea -
Gasteiz
Bost pertsona toxikatu dira Gasteizen, gasa arnastu dutelako
Galdara batek karbono monoxidoa isuri du udal lokal batzuen barruan.
eitb.eus
Bost pertsona toxikatu dira Gasteizko udalaren lokal batzuetan, gasa arnastu dutelako. Kausa galdara bat izan da, karbono monoxidoa eraikinaren barrura igorri duelako, kanpora egin beharrean.
Aiztogintza kaleko 61. zenbakian jazo da. Bertan, hainbat erakundek egoitza dute, hala nola Merkataritza Federazioak eta auzokide elkarte batzuek.
Azken egunetan, lokal horietako erabiltzaileek zorabioak izan dituzte, eta gaur bi pertsonak konortea galdu dute. Halaber, bost pertsona artatu behar izan dituzte, gasa arnastu baitute, baina ez daude larri.
Hori horrela, suhiltzaileek eraikina hustu dute 14:00etan, aireztatzeko, eta teknikariek instalazio guztia aztertu dute.
Azkenean, arazoa galdara batean aurkitu dute. Eraikinaren kanpoaldean kokatuta dago, baina gainean zerbait jarri diote, eta karbono monoxidoa barrura isuri du.