Gizartea -

Biktimak, EAEko adin txikikoak

Eskola erlijiosoetan abusuak egin eta grabatzeagatik atxilotu dute

Jose Angel Arregi Eraña Txilen kartzelatu dute. Irakasleak kamera ezkutuz grabatu zituen 12 eta 14 urte arteko gaztetxoak Madrilgo San Viatorren, Basauriko San Josen eta Gasteizko San Viatorren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Angel Arregi Eraña irakaslea, San Viator kongregazioko kidea, kartzelatu dute Txilen haur-pornografia izatea leporatuta, El Pais egunkariko agerkari digitalean zabaldu dutenez. Dirudienez, irakasleak gutxienez 15 gaztetxori egindako sexu-gehiegikeriak grabatu zituen Madrilgo San Viator, Basauriko San Jose eta Gasteizko San Viator eskoletan.

53 urteko gizonezkoa behin behineko espetxealdian dago orain, eta Espainiako Justiziak ikerketa abiatu du aipatu materialaren grabaketak argitzeko.

Pedro Lahora Madrilgo San Viator elizgizonen kongregazioko buruak El Pais-i jakinarazi dionez, inoiz ez dute Arregiren kontrako salaketarik jaso, baina San Viator eliz-gizonen Kongregazioak onartu egin du Arregi atxilotu dutela.

Agiri batean jakinarazi dutenez, Arregi 2008ko urtarrilean joan zen Txilera eta 2009ko abuztuaren 14an atxilotu zuten, haur-pornografia izatea leporatuta, baina oraindik ez da haren kontrako ikerketa amaitu eta epaiketarik egin.

"Errugabetasun presuntzioari errespetu osoz, atsekabetuta gaude susmoarekin bakarrik", adierazi dute idatzian.

Txileko Poliziaren haur-pornografia alorreko buruak azaldu duenez, bestalde, irakasle erlijioso euskaldunaren ordenagailuan "inoiz topatu ditugun irudi gogorrenetako batzuk zeuden".

Gasteizen ez zuten susmorik

Gasteizko San Viator eskolak ez zuen portaera susmagarririk atzeman Jose Angel Arregi Eraña, 1993tik 1995era, soinketa irakaslea izan zen artean.

Guardia Zibilaren ikerketaren arabera, Gasteizko gimnasioan, Madrilgo San Viatorreko informatika aretoan, Basauriko San Jose eskolako aldageletan eta zentro horietakoren bateko dutxetan grabatu ziren bideoak.

Ustezko biktimak 12 eta 14 urteko 15 adin txikiko izan ziren, eta Arregik ukitu, masturbatu, jo eta objektuekin penetratu omen zituen.

"Inolaz ere ez genuen horren berri", adierazi du ikastetxe gasteiztarreko arduradun nagusiak. Era berean, "dena argi dadila" eskatu du.

Azpimarratu duenez, "ez ikasleek, ez irakasleek, ez gurasoek" ez dute salatu aipatu irakaslearen susmo txarrik eta grabaketak badaude, Arregik bere kamerarekin grabatutako direla esan du, orduan ez baitzegoen eskolan kamerarik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea