Gizartea -
EAE
2016-2017 ikasturterako aurrematrikula epea, zabalik
Aurten ere, aurrematrikula prozesu osoa Internet bidez egin ahal izango da. Bide hau aukeratzen dutenek ez dute, beraz, eskatutako dokumentazioa hautatutako ikastetxera eraman beharrik izango.
ERREDAKZIOA
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak gaur irekiko du Haur Hezkuntza (bi urtetik aurrerakoa), Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikula egiteko epea. Otsailaren 5era arte egongo da zabalik (otsailaren 4an, online eginez gero).
'Gozamena da elkarrekin ikastea' izenburupean abiatuko da kanpaina, eta Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak iragan ostiralean aurkeztu zuen Donostian, prentsaurrean.
Aurten ere, aurrematrikula prozesu osoa Internet bidez egin ahal izango da, www.hezkuntza.net helbidean. Bide hau aukeratzen dutenek ez dute, beraz, eskatutako dokumentazioa hautatutako ikastetxera eraman beharrik izango. Pauso hori online egin beharko dute, eta dokumentuak eskaneatuta bidali. Aurrematrikula online egiteko azken eguna otsailaren 4a izango da. Nolanahi ere, izen-emate prozesu osoa ikastetxeetan egiteko aukera ere egongo da, ohi bezala.
Uriartek esan zuenez, "erroldatze-egiaztagiria oker erabili dutelako Hezkuntza Administrazioaren aurrean salaketa jaso duten familiek trikimailu horren bidez eskura zezaketen puntuazio gehigarria galduko dute, salatutako okerra egiaztatzen bada. Hau da, esleitu zaien plaza gal lezakete".
Gertutasunagatiko puntuak
Aurrematrikula kanpaina abiatzeaz bat, zerbitzu berria ipini du aurten familien eskura Hezkuntza Sailak bere webgunean: ikastetxea familiaren bizilekutik gertu izateagatik ematen den puntuazioa kontsultatzeko tresna.
Erabiltzaileak bere helbidea idatz dezake aplikazio honetan, eta etxetik hurbilen dituen ikastetxeak erakusten dizkio aplikazioak, mapa gainean kokaturik.
Kontuan hartu beharreko egutegia
• Urtarrilaren 25etik otsailaren 5era: eskabideak eta agiriak aurkeztea (Online eginez gero, azken eguna otsailaren 4a)
• Otsailak 16: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira.
• Otsailak 25: esleitutako plazen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Erreklamazioak egiteko epea, martxoaren 9ra arte.
• Martxoak 17: behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea, apirilaren 18ra arte.
• Apirilak 6: bigarren eta hirugarren aukeren zerrendak argitaratuko dira.