Gizartea -
Gertakaria
Bilbon hil den emakume baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza
Gertatutakoan ez dago genero indarkeriaren zantzurik, Segurtasun sailak arratsaldean baieztatu duenez.
EITB.EUS | ERREDAKZIOA
50 urteko emakume bat hil da Bilbon, etxebizitza bateko leihotik behera amilduta, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Lurrean aurkitu dute emakumea hilotz, eta agenteek gizon bat labana bat sabelean sartuta aurkitu dute hildakoaren etxean eta, hori dela eta, ospitaleratu egin dute.
Hain justu, Bilboko Garate kaleko 25. zenbakiaren parean (Txurdinaga eta Otxarkoaga auzoen artean) jazo da gertakaria, 11:40 aldera. Agenteek deia jaso dute emakume bat lurrean zegoela eta hilda egon zitekeela esanez.
Gertaeraren tokira bertaratu diren ertzainek emakumea leihotik erori dela eta emakumea hilda dagoela baieztatu dute.
Ertzainak emakumearen etxera sartu dira eta 55 urteko gizon bat aurkitu dute, zaurituta, sabelean aizto bat zuela. Hori dela eta, Basurtuko ospitalera eraman dute eta ebakuntza egin diote. Gizonak labanaz egindako bi zauritu ditu gerrialdean eta larri dago ospitaleko suspertze unitatean, Basurtu ospitaleko iturriek jakinarazi dutenez.
Antza denez, hildako emakumearen bikotekidea da.
Bestalde, arratsaldeko hirurak aldera emakumearen gorpua altxa dute eta datozen orduotan egingo diote autopsia.
Gertakariaren nondik norakoak aztertzeko ikerketa abiatu dute, eta, oraingoz, ikerketa bide guztiak irekita daudela nabarmendu dute. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu dionez, bikoteak ez zeukan genero indarkeria aurrekaririk.
Horrez gain, atariko ikerketak baztertu egin du gertaeran hirugarren pertsona batek parte hartu izana, eta arratsalde honetan bertan Ertzaintzak baieztatu duenez, gertatutakoan ez dago genero indarkeriaren zantzurik; horrenbestez, beste era bateko drama pertsonal edo familiar batekin zerikusia izan dezake jazoerak.