Gizartea -
SUTEA
Eraikin bat hustu dute Donostian, sute baten ondorioz
Zeramika-denda bateko biltegian piztu da sua, kaxa elektriko batean. Bi pertsona ospitaleratu dituzte, kea arnastuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sutea izan da, goizean, Donostiako zeramika-denda batean. Ondorioz, lau solairuko eraikin bat hustu dute, badaezpada. Bi bizilagun Donostia Ospitalera eraman dituzte, kea arnastuta.
Donostiako Suhiltzaileek jakitera eman dutenez, 07:00etan piztu da sua, Eskalantegi kaleko lokal batean. Berez, kale hori Donostiakoa den arren, Pasai Antxoko barrutian dago kokatuta.
Lehen informazioen arabera, zeramika-dendako biltegian zegoen kaxa edo panel elektrikoan piztu da sua; bertan pilatuta zegoen materialak berehala hartu du su, eta ke-laino handia zabaldu da eraikin osoan.
Donostiako Udaltzaingoa, Ertzaintza eta suhiltzaileak bertaratu dira. 08:00etarako amatatuta zegoen, eta bizilagunak euren etxeetara itzuli ahal izan dira.