Gizartea -
Sua
Bi emakume eta bi suhiltzaile zauritu dira sute batean, Iruñean
Laugarren solairuko bizilagun bat, 22 urteko emakume bat, sugarretatik ihesi patiora salto egin du eta zauritu da. 53 urteko beste emakumea kea arnastuta zauritu da.
E. Lotina | eitb.eus
Lau pertsona, bi bizilagun eta bi suhiltzaile, Nafarroako ospitalera eraman behar izan dituzte sute batean zauritu ondoren, Iruñeko Alde Zaharrean. Sutea Carmen kaleko 12. zenbakian gertatu da.
Sua itzaltzeko lanetan, bi suhiltzaile zauritu dira: kea arnastuta bata, eta erredura arinak eginda bestea.
Larrialdietarako zerbitzuak 02:41ean jaso du sutearen abisua, eta Iruñeko (Trinitarios) eta Cordovillako suhiltzaileak bertaratu dira. Emakume zauritua Nafarroako Ospitalera eraman dute, anbulantzian, eta beste anbulantzia batek suhiltzaileetako bat eraman du.
Suak laugarren eta bosgarren solairuetako etxebizitzak kiskali ditu, baita teilatua ere.
Iruñeko Udaltzaingoak ikerketa abiatu du sutea zerk eragin duen argitzeko. Aurreneko ikerketen arabera, sua laugarren solairuan hasi da. Laugarren solairuko bizilagun bat, hain zuzen ere, 22 urteko emakume bat zauritu da, sugarretatik ihesi patiora salto egin ostean.
53 urteko beste emakumea kea arnastuta zauritu da, eta etxebizitzako balkoitik erreskatatu behar izan dute suhiltzaileek.