Gizartea -
Genetika
Eltxo bat genetikoki aldatu dute, haren ziztada txerto bihurtzeko
Leishmaniasis izeneko gaixotasuna kutsatzen duen eltxoa aldatzea lortu dute adituek. Eritasunak gaixoaren barea eta gibela suntsi ditzake.
Erredakzioa
Japoniako zientzialari talde batek eltxo batzuk genetikoki aldatzea lortu du, eltxoen ziztada txerto bihurtuz, Insect Molecular Biology aldizkariak gaur argitaratu duenez.
Leishmaniasis izeneko gaixotasuna kutsatzen duen eltxoa aldatzea lortu dute adituek. Eritasunak ultzera mingarriak, sukarra eta pisu galera eragin ditzake, eta gaixoaren barea eta gibela suntsitzera hel daiteke.
Behin genetikoki aldatuta, gaixotasuna kutsatu beharrean parasitoak berez garatzen duen txertoa sartzen du odol-zirkulazioan ziztadaren bidez.
Sagu batean
Esperimentuak arrakasta izan du sagu batean, izan ere, leishmaniasisaren kontra immunizatzea lortu dute.
Orain anofele eltxoari teknika berdina aplikatu ahal izatea espero dute zientzialariek. Anofelek malaria kutsatzen du. Horrela, biztanleria immunizatzea lortuko lukete.
Hala ere, gaixotasunei aurre egiteko genetikoki aldatutako eltxo ugari askatu beharko litzateke eta hori arazo bat dela adierazten du Insect Molecular Biology-ko artikuluak, izan ere, pazienteei "txertoa jarriko" liekete, baina aurretik baimenik eskatu gabe.