Gizartea -

Bizkaiko golkoa

'Modern Express' kargaontzia gaur sartuko da Bilboko Portuan

Kargaontzia portura gerturatzeko eta sartzeko maniobrak asteazken goizera atzeratu dituzte, gauerako abisu horia ezarri dutelako olatuengatik euskal kostaldean.

Modern Express zamaontzia atoian eramango dute Bilboko Portura. Argazkia: EFE
Modern Express zamaontzia atoian eramango dute Bilboko Portura. Argazkia: EFE
Modern Express zamaontzia atoian eramango dute Bilboko Portura. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Modern Express kargaontzi panamarra, zazpi egunez Bizkaiko golkoan noraezean egon den ontzia, "Bilbotik 26 milia ingurura" zegoen atzo eguerdian, eta gaur helduko da Bilboko Portura, Espainiako Sustapen Ministerioak baieztatu duenez.

Kargaontzia portura gerturatzeko eta sartzeko maniobrak gaur goizean egingo dituzte itsasoaren baldintza zakarrak tarteko, Bilboko Portu Agintzaritzak berri eman duenez; izan ere, gauerako abisu horia ezarri dute euskal kostaldean, ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3,5 metro inguruko olatuak altxatuko dituelako.

Itsasontzietako Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak baimena eman zion Modern Express kargaontziaren armadoreari Bilboko Portura eraman eta bertan sartzeko. 164 metroko luzera du, eta 3.600 tona egur eta dozena bat makina daramatza. Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, ontzia alde batera okertu zen, eta noraezean dabil ordutik.

Espainiako Sustapen Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez, kapitainak berak eskatuta, Itsas Salbamenduak ontziko eskifaia erreskatatu zuen urtarrilaren 26an, eta ordutik dabil noraezean. Gabonetik Frantziara zihoan, eta Bilboko Portura daramate orain, atoian.

Armadoreak Centaurus atoiontzia kontratatu zuen atzo lan horietarako.

Itsas Salbamenduko Maria de Maeztu atoiontzia Bilbotik abiatu zen, atzo, Modern Express kargaontzia porturatzeko maniobrak bertatik bertara jarraitzeko.

Eskifaiak emandako informazioaren arabera, kargaontziak 300 tona fuel-olio eta 180 tona gasolio daramatza, eta ez du merkantzia arriskutsurik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Bizkaiko albisteak Iparraldea argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Bilboko Portua argazkiak Gizartea Gaurko azken ordukoa Itsas istripuak gaur Merkantzia-garraioa Kantauri itsasoa