Gizartea -

HONDAKINAK

Lapatxen erabakiak 'lasaitasun apur bat' eman diela esan du Asensiok

Orain, diputatuaren iritzian, 'GHK-k aukera izango du behar den logistika antolatzeko eta Kantabriara bidali behar den hondakin kopurua modulatzeko'.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak adierazi du "gaitz erdi" iruditzen zaiola Lapatxeko zabortegiaren inguruan Urola Erdiko Mankomunitateak hartutako erabakia. "Guk proposatu genuen zabortegia irekita mantentzea urtebetean, teknika eta diru aldetik posible zelako handitzea, eta, horregatik, azken egun hauetan, gipuzkoarrekiko dugun konpromisoa betetzeko deialdia egin dugu, interes orokorreko eta osasun publikoko gaia delako", esan du Asensiok.

Joan den astean, Foru Aldundiak aurreakordioa sinatu zuen Kantabriako Gobernuarekin, urtean gutxienez 50.000 tona errefusa eraman ahal izateko Merueloko zabortegira. "Konponbide horren arabera, egunero 25 kamioi inguru bidali behar genituen Kantabriara, eta soluzio hori zaila da logistika aldetik, ingurumen aldetik konponbide txarra, eta diru aldetik garestia", adierazi du Asensiok.

Hori dela eta, diputatuak azaldu duenez, Lapatxek hartutako erabakiak "lasaitasun apur bat" ekarri die. "GHK-k aukera izango du behar den logistika antolatzeko eta Kantabriara bidali behar den hondakin kopurua modulatzeko",  zehaztu du Asensiok.

Bitartean, Ingurum eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak "beste konponbide batzuk aurkitzeko ahaleginetan" jarraituko duela gaineratu du; hala nola, egun martxan dauden "zabortegi industrialen erabilera" nabarmendu du.

"Nolanahi ere, argi utzi nahi dut egoera larri honetara iritsi garela aurreko legealdian ez zelako ezer planifikatu eta, ondorioz, hondakinak tratatzeko azpiegiturarik gabe utzi zen Gipuzkoa,  gipuzkoarrek foru arauetan onartutako plangintzaren kontra", esan du diputatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Eguneko albisteak Eguneko albisteak