Gizartea -
osasuna
Erizainen botika-preskripzioaren arauaren aurka egin du Jaurlaritzak
Sendagaiak emateko Espainiako Gobernuak onartutako sistema berria "ohiko jardunbidearen aurkakoa" da, eta "segurtasun juridiko arazoak dakartza", Jaurlaritzaren ustez.
EITB.EUS
Erizainen botika-preskripziorako aukera ezerezean utzi zuen dekretu espainiarraren kontrako helegitea aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak, Josu Erkoreka bozeramaileak gaur iragarri duenez.
Gobernu bileran hartu du erabakia Jaurlaritzak. Erkorekak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak 2015ean onartutako dekretuaren artikulu batek "sendagilearen aldez aurreko eta nahitaezko diagnostiko-kontrol berri bat" ezarri zien erizainei, eta hori barik, profesional hauek ezin dute botikarik agindu. Jaurlaritzaren ustez, kontrol hori osasun profesionalen artean adostutako "ohiko jardunbidearen" aurkakoa da. Horrez gain, lanbide horretan "jarduteko segurtasun juridikoko arazoak" ekartzen ditu.
Abenduaren 24an sartu zen indarrean dekretua. Ordura arte, erizainek zenbait botika agin zezaketen, esaterako, gripearen txertaketa-kanpainetan.
Hirugarren argudio bat ere aipatu du Erkorekak erabakia azaltzeko orduan. Haren hitzetan, Euskadik "osasun-alorrean dituen eskumenen kontra" doa dekretua.
Argudioak eskuan, dekretuaren kontrako errekurtsoa jarri eta bertan behera uztea eskatuko du, aplikatzeak konpontzeko "zailak edo ezinezkoak" gerta litezkeen kalteak ekar liezazkiokeelako Osakidetzari.