Gizartea -
Hezkuntzako eskaintza publikoa
Euskarazko postuak 2017ko LPEan aterako ditu Nafarroako Gobernuak
Mendoza Hezkuntza kontseilariak nabarmendu duenez, aurtengo eskaintza publikotik kendutako 120 postu horiek "ez dira galdu".
Agentziak | erredakzioa
Jose Luis Mendoza Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak iragarri duenez, aurten Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikotik (LEP) azken unean kendutako euskarazko 120 postuak 2017an aterako dituzte, Gobernuak egin asmo duen beste lan eskaintza publiko batean. "Ez dira galdu", azpimarratu du.
"Zuhurtziaz erreserbatutako 120 postu horiek datorren urteko eskaintzan sartu ahal izango ditugulakoan gaude", esan die kazetariei Nafarroako Parlamentuan egiten ari diren osoko bilkurara sartu baino lehen.
"Postu horiek ez dira galdu, dena ondo bidean, atera egingo ditugu", nabarmendu du Mendozak. Horren esanetan, Estatuko Abokatutzak LEParen kontra iragarritako helegitearen aurrean, "zuhurtziaz eta segurtasun juridikoagatik" postu horiek ez ateratzea erabaki du Gobernuak.
"Hasierako asmoa Nafarroako Gobernuak 2015ean onartutako Lan Eskaintza Publikoa eta 2016koa batera ateratzea zen, guztira 425 postu", gogoratu du, baina "Abokatutzak aurkeztutako errekurtsoak airean utzi ditu Haur eta Lehen Hezkuntzarako zeuden 100 postuak". Postu horiek arriskuan ikusita, atzera egin du Barkosen gobernuak, eta 2017ko lan eskaintzara atzeratzea erabaki: "Ez geneukan segurtasun juridikorik", azaldu du.
Zerrendak bateratuak edo berezitakoak izango ote diren galdetuta, azterketak "egun ezberdinetan izango dira, hala, euskaraz zein gaztelaniaz, bietara, aurkezteko modua daukanak aukera izan dezan", gaineratu du.