Gizartea -

Denboralea

Alarma gorria ezarri dute euskal kostaldean astearte goizalderako

Sei metroko olatuak espero dira. Azkenekoz, duela bi urte ezarri zuen alerta maila hau Segurtasun Sailak.

Donostiako Paseo Berria itxita dago trafikoarentzat, atzotik. EFE.
Gipuzkoako kostaldea prest dago espero den denboraleari aurre egiteko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alarma gorria ezarri du euskal kostaldean astearte goizalderako. Olatu handiak, sei metrorainokoak, espero dituzte meteorologoek, eta hala, alerta sisteman aurreikusitako maila altuena ezartzea erabaki du Jaurlaritzak, ohar batean azaldu duenez.

Alarma otsailaren 9ko 03:00etatik 07:00etara izango da indarrean; sei metroko olatuak espero dira.

Abisu eta alerta meteorologikoen sisteman aurreikusitako altuena da gorria, aparteko indarra duten fenomenoetarako gordea dago. Hori horrela izanik, oso gutxitan ezartzen dute. Azkenekoz, duela ia bi urte bota zuen Jaurlaritzak, 2014ko martxoaren 3an, hain justu (orduan ere itsas-bazterrean zegoen arriskua dela eta).

Alarma ezartzeaz gain, Babes Zibileko Euskadiko Plana ere jarri du martxan Jaurlaritzak, alerta fasean, astearte gauerditik aurrera.

Itsasaldeko arriskua dela eta, bi alerta laranja daude indarrean. Bata, 18:00etatik hasita, kostaldeko arriskuagatik, eta bestea, astearte guztian indarrean egongo dena, nabigazio arriskuagatik.

Haize ufadengatik ere abisu horia ezarri dute 21:00etatik astearteko 18:00ak arte. Orduko 100 kilometroko haize ufadak espero dira, babesik gabeko tokietan, eta orduko 80 kilometrokoak, babestutako eremuetan; batez ere, Bizkaian eta Araban.

Euskalmeten arabera, bestalde, ondorengo orduotan marea biziak ere izango dira euskal kostaldean, eta, beraz, horrek bat egingo du olatu handiekin. Denboraleak euria ere ekarriko du, batez ere, asteartean, egun osoan.

Donostia eta Getxo

Donostiako Udalak aurreratu duenez, denboraleari aurre egiteko hainbat neurri hartu dituzte jada. Besteak beste, Paseo Berria trafikoarentzat itxita dago igandetik, olatuak direla eta.

Halaber, Paseo Berriaren inguruko kaleetan, hainbat kartel jarri dituzte, denboralearen indarraren arabera, kotxeak bertatik erretiratzeko agindua etor litekeela ohartarazteko herritarrei.

Getxoko Udalak, bestalde, Babes Zibilaren udal plana (0 fasean) jarri du indarrean eta krisi mahaia deitu ere, Eusko Jaurlaritzak olatuengatik iragarritako alerta laranjaren aurrean.

Aurrekoetan bezala, Udalak SMS mezuak bidaliko dizkie arrisku guneetako (Kirol Portua, Ereagako hondartza eta Portu Zaharra) merkatariei eta ostalariei, eta kartelak jarriko ditu, alertaren eta jarraitu beharreko gomendioen berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Eguraldia Bilbao Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa