Gizartea -

Gertakaria

Hiru lagun atxilotu dituzte Gasteizen, gizon bat jipoitzeagatik

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, konorterik gabe utzi zuten biktima, burutik odola zeriola, eta 21, 38 eta 40 urteko hiru gizon atxilotu zituzten, lesio delitua leporatuta.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru gizon atxilotu zituen atzo Ertzaintzak Gasteizen, laugarren gizon bat jipoitzeagatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Arabako hiriburuko dantzaleku baten atarian izan zen liskarra. Jasotako jipoiaren ondorioz, biktima konorterik gabe utzi zuten, burutik odola zeriola, eta Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten, anbulantziaz.

Atzo, 07:40 inguruan, hainbat dei jaso zituen Ertzaintzak, Manuel Diaz de Arkaia kalean izandako liskarraren berri emanez. Agenteak bertaratu zirenean, jipoitutako gizonezkoa lurrean aurkitu zuten, konorterik gabe.

Lekukoek emandako datuak kontuan hartuta, ustezko hiru erasotzaileak, 21, 38 eta 40 urteko hiru gizon, identifikatu zituzten dantzalekuaren barruan, eta atxilotu egin zituzten, lesio delitua leporatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gasteiz albisteak Eguneko albisteak