Gizartea -
Gipuzkoa
Gazte batek adingabeentzako zentro bateko langile bati eraso dio
Kolpearen ondorioz, tinpanoa apurtu dio emakumeari. LABek salatu duenez, egunero gertatzen dira halakoak zentro horretan. Gainera, zenbait langilek uko egin diote lanpostuari, esan du sindikatuak.
Agentziak | erredakzioa
Gipuzkoako adingabeentzako zentro bateko langile bati eraso dio du bertoko gazte batek, eta tinpanoa apurtu dio. LAB sindikatuak eraso "basatia" izan dela salatu du.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak baieztatu egin du erasoa, baina ez du horren inguruko xehetasunik eman. Erakundeak elkartasuna adierazi dio emakumeari eta zentro horretan lan egiten duten gainerako beharginei, eta bertan "arazo bereziak" dituzten gazteak daudela esan du.
Halaber, Gizarte Politikako Departamentuak adierazi duenez, neurriak hartzea aztertzen ari dira horrelakoak saihesteko, azken asteetan "gatazkak areagotu" egin baitira zentro horretan. Maite Peña Departamentuko buruaren esanetan, adingabeen zein langileen "ongizatea lehentasuna" da. Gainera, zentro horretako langileek egindako "lan handia" azpimarratu du, eta elkartasuna helarazi.
LABek, bestalde, zentro horretako egoera ez dela berria salatu du, "erasoak egunero gertatzen baitira". Horren esanetan, azken hamar egunetan zazpi langilek "utzi behar izan dute lanpostua egoera jasanezina delako".
"Egunen batean ez dute ezertarako balioko salaketek eta aieneek", LABen ustez. Horren arabera, "pribatizazioak, pertsonal eta badaezpadako neurrien gabeziak, langile desegokiak eta erabiltzaile kopuru handiegiak, eta instalazioen diseinu okerrak" eragina izan dute egungo egoera izateko.