Gizartea -

Lan-ezbeharra

A-8ko bi langile hil dira furgoneta batek harrapatuta, Zaldibarren

Bi pertsona zauritu egin dira, furgonetako gidaria eta beste langile bat. Horietako bat Donostiara eraman dute helikopteroz eta bestea Mendarora anbulantzian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

A-8ko bi langile hil dira gaur eguerdian furgoneta batek harrapatuta Zaldibar parean, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Beste bi pertsona larri zauritu dira.

Ezbeharra 13:15ean gertatu da A-8 autopistan, Zaldibar parean (Bizkaia), Donostiako noranzkoan. Dirudienez, eta oraindik argitzeke dauden arrazoiak medio, A-8aren mantenuan lan egiten zuten hiru langile harrapatu ditu Volkswagen furgoneta batek, aipatu iturriek zehaztu dutenez. Gero, ibilgailu horrek biktimen enpresako Nissan Cabstar kamioia jo du.

Berehala Ertzaintzaren agenteak eta osasun-zerbitzuetako langileak bertaratu dira erreskatatzera. Zoritxarrez, baina, bi pertsona hil egin dira. Beste langile bat zauritu egin da eta Mendaroko ospitalera eraman dute anbulantzian.

Laugarren pertsona bat, Volkswagen furgonetaren gidaria, ere zauritu egin da eta suhiltzaileek atera behar izan dute ibilgailutik eta helikopteroz Donostiako ospitalera eraman.

Errepidea itxi egin dute Donostiako noranzkoan eta Osakidetzaren helikopteroa joan denez, Bilboko noranzkoan ere itxi dute, baina gero errei bat ireki dute. 14:30 inguruan, eta helikopteroak zauritua eraman duenean, zirkulazioa bere onera itzuli da Bilboko noranzkoan.

Beste aldera berriz, itxita jarraitzen du autopistak. Ertzaintza N-634 errepidetik bideratzen ari da zirkulazioa.

Bigarren istripu bat

Gainera, gaur arratsaldean beste istripu bat izan da errepide berean. Hiru kamioik talka egin dute Iurretan; istripuaren ondorioz, kamioi biren aurreko aldeak irauli egin dira. Kamioietako gidari bat ibilgailuaren barruan harrapatuta gelditu da eta suhiltzaileek atera behar izan dute.

Beranduago, Gurutzetako Ospitalera eraman dute anbulantzian. Istripuaren ondorioz, Donostiako norabideko erraila moztu behar izan dute eta aurreko istripuan sortutako auto-ilarak areagotu dira.

Istripuen nondik norakoak argitzeko ikerketa zabaldu du Ertzaintzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea