Gizartea -

Vatikanoa

Joan Paulo II.ak emakume batekin harreman 'bizia' izan zuen 30 urtez

Hildako aita santuak ezkondutako filosofo estatubatuar batekin trukatutako eskutitzak argitaratu ditu BBC telebista kate britainiarrak.

Benedicto XVI eta Juan Pablo II
Benedicto XVI eta Juan Pablo II
Benedicto XVI eta Juan Pablo II

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan Paulo II. aita santuak Anna-Teresa Tymieniecka poloniar jatorriko filosofo estatubatuarrarekin harreman 'bizia' izan zuen urte luzez, gaur BBC telebista kate britainiarrak eskaini behar duen dokumental batean agerian geratu denez.

Poloniako Liburutegi Nazionalean artxibatutako gutun eta argazki sorta du oinarri dokumentalak. Hildako aita santuak eta ezkondutako emakumeak 30 urtez trukatutako eskutitzok bien arteko harreman "estu eta bizia" frogatu ei dute.

Harreman hori edukitzeak ez du esan nahi santu bilakatutako erlijiosoak bere zelibatua hautsi zuenik, BBCk nabarmendu duenez.

1973an egin ziren adiskide Karol Wojtyla eta Tymieniecka, azken honek gerora aita santua izango denaren liburu baten inguruan kontsulta egin zionean. 50 urteko emakumea Polonian izan zen, eta ordutik, gutunak idatzi zizkioten elkarri. Harremana gero eta "estuagoa" egin zen, eta uneren batean, bien arteko "gatazka emozionala" izan zen.

BBCren arabera, mendi irteeretan eta eskiatzen ibili ziren biak elkarrekin. Emakumeak Vatikanora egindako bisiten irudiak ere badaude.

1976an, Wojtyla AEBn izan zen eta Tymienieckak zuen landa-etxe batean geratzeko gonbita egin zion. Telebista kate britainiarraren arabera, bisita hartan kardinalarekiko zituen "sentimendu biziak" jakinarazi omen zizkion filosofoak. Izan ere, hortik aurrerako gutunetan, aita santuak izandako "barne-gatazka" agerian geratu zen.

Joan Paulo II.a 2005ean hil zen, 27 urtez aita santu izan eta gero. Bizitzan zehar hainbat emakumezko lagun izan zituela azaldu du BBCk, Wanda Poltawska psikiatra, esaterako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Aita santua Eguneko albisteak Eliza Katolikoa albisteak