Gizartea -
Vatikano
Joan Paulo II.a eta Joan XXIII.a santu egin dituzte
800.000 pertsona inguru batu du aita santuak santu egiteko elizkizunak; Erroma fededunek hartuta dago,
Erredakzioa
Frantzisko aita santuak Joan Paulo II.a eta Joan XXIII.a santu egin ditu, Done Petri plazan, Adiskidetzaren Kalean eta ondoko kaleetan batu diren 800.000 pertsonen aurrean -Italiako Poliziaren datuak-. Horrela, 79. eta 80. santuak dira.
9:53ean Sarreraren Prozesioa hasi da; 10:00etan, Frantzisko elizkizunaren tokira heldu da, txalo zaparrada artean, eta Benedikto XVI.a agurtu du. Aita santu emeritua zuriz jantzita egon da elizkizunean.
Ekitaldia bera sinplifikatua izan da, Joan Paulo II.aren odol-erlikia batekin eta Joan XXIII.aren azal-erlika batekin. Meza latinez egin aurretik, Errukia errezitatu dute, eta Erromako, Bergamoko, Krakoviako eta Kapera Sixtinoko abesbatzek abestu.
Plazako ateak 05:00etan zabaldu dituzte publikoarentzat, eta milaka kristau Frantzisko aita santuaren lehenengo kanonizazioen zain izan dira hainbat orduz. Datu aipagarria; Joan Paulo II.a hil zenetik denbora gutxi igaro da, kanonizatu arte (9 urte).
Plazako sarrera irekia zen, ez da txartelik saldu. "Iristen denak bertan egon ahal izango du, baina ez da txartelik salduko", adierazi zuen Lombardik. Guztira, 800 polizia, 250 suhiltzaile eta segurtasun zibileko 2.600 agente izango dira San Petrin. Horiekin batera, beste 2.430 agentek zaindu dute segurtasuna.
Zeremonia
Frantzisko aita santuak aurreko uztailaren 15ean sinatu zuen Joan Paulo II.ari bigarren miraria aitortzen zion agiria, eta orduan onartu zuen Joan XXIII.a kanonizatzeko proposamena, nahiz eta mirari bakarra egiaztatu zaion.
Egungo aita santuaren gonbidapena jaso ostean, Benedikto XVI.ak ekitaldian parte hartu du, baina ez da aldarera igo.
Estatuburuak eta erromesak
Kanonizazio historiko honetarako 24 estatuburu eta gobernuburu eta 23 ministro batu dira Erroman, horien artean Espainiako eta Belgikako errege-erreginak, eta Paraguaiko, Honduraseko, El Salvadorreko, Ekuadorreko, Albaniako, Kroaziako eta Poloniako presidenteak.
Poloniatik iritsik dira erromes gehien: 1.700 autobus, 5 tren eta 58 hegaldi.
Mirariak
Karol Wojtyla 2011ko maiatzaren 1ean beatifikatu zuten, Benedikto XVI.ak sinatutako lehenengo mirariarekin. Marie Simon Pierre mojari Parkinson gaitza sendatu omen zion, 2001ean.
Joan Paulo II.aren kanonizazioa ahalbidetu duen bigarren miraria Flrobeth Mora costarricarrarekin lortu zuen. Izan ere, atzera bueltarik ez zuen garuneko aneurisma sendatu omen zion. Joan Paulo II.aren beatifikazioa telebistaz jarraitu zuen emakumeak, eta hurrengo egunean ahots bat entzun zuen: "Altxa zaitez". Hilabete batzuetara medikuek baieztatu zuten sendatu zela, eta ez zioten azalpen zientifikoa aurkitu.
Joan XXIII.a, berriz, Joan Paulo II.ak beatifikatu zuen 2000. urtean, Pio IX.a beatifikatu zuten egun berean. 1966an Sor Caterina Capitani sendatu izana onartu zuten mirari gisa.