Gizartea -
Lehen abiadura kanpaina
Abiadura-mugak errespetatzeko kanpaina abiatuko du bihar Trafikok
Abiadura-mugak gehiago errespetatzeak Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzaren lehentasunetako bat izaten jarraitzen du eta, hori lortzeko, errepidean zaintza indartzeko kanpaina hau bultzatu du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak abiadura zaintzeko aurtengo lehenengo kanpaina jarriko du martxan bihar. 2010erako aurreikusita dauden mota horretako hiru kanpainetako lehenengoa izango da, eta helburua da abiadura-mugak gehiago errespetatzea eta abiadurak eragindako istripuen kopurua murriztea, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.
Bide-segurtasunari buruzko azken makroinkestaren arabera, hiriarteko bideetan hamar gidaritatik hiruk gainditzen dituzte abiadura-mugak, gutxienez. 2009an, 89.110 salaketa izapidetu zituen Trafiko Zuzendaritzak, radarrek harrapatutako gidariei jarritakoak.
Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzak 2008an egindako bide-segurtasunari buruzko makroinkestan, ia 5.000 familiari galdetu zitzaien errepidean zuten jokabidearen inguruan eta, espresuki, abiadura-mugen errespetuari buruz.
Ikerketak ondorioztatzen duenez, galdetutako lau gidaritatik batek, gutxienez, mugak gainditzen ditu herri barruko bideetan; bereziki, gizonezkoen kasuan. Hiriarteko bideetan, berriz, hamar gidaritatik hiruk, gutxienez, gainditzen dituzte noizbait.
Kanpaina bihar abiatu eta apirilaren 4an amaituko da. Egun horietan zehar, Ertzaintzaren Trafikoko agenteek indartu egingo dute abiadura zaintzeko lana, errepide-sare nagusian zein bigarren mailako errepideetan jarritako radar finko eta mugikorren bidez.
Aurreko kanpainetan, zaintza berezi hauetan gidarien %2 baino gehiago salatu zituzten abiadura-mugak gainditzeagatik. Hain zuzen, 2009an abiadura zaintzeko egindako hiru kanpainetan, Ertzaintzak 860 kontrol jarri eta 366.000 ibilgailu kontrolatu zituen, guztira, 9.538 gidari salatuz abiadura-mugak gainditzeagatik.
Urte hartan, abiadura-mugak gainditzeagatik jarritako 89.110 salaketa izapidetu zituen Herrizaingo Sailak: 48.654 Bizkaian, 24.161 Gipuzkoan eta 16.295 Araban.
Errepidean egingo den zaintzarekin batera, kontzientziaziorako ekintzak burutuko dituzte irratian eta telebistan, eta mezuak jarriko dituzte seinalizazio-paneletan.