Gizartea -

Epaiketa

Rita Maestre: 'Kaperako protestaren asmoa ez zen inor iraintzea'

Sentimendu erlijiosoen kontrako delitua egotzita, urtebeteko kartzela zigorra eskatu dute Madrilgo Udalaren bozeramailearentzat.

Maestre Hector Meleirorekin batera, epaiketan. EFE
Rita Maestre epaitu dute gaur, Madrilen

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rita Maestre Madrilgo Udalaren bozeramaileak "barkamena" eskatu du 2011n Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko kaperan egindako protestan inor iraindua sentitu bazen. Estatu akonfesional bateko unibertsitate publiko batek ez luke kaperarik izan behar, horren aburuz, eta, besteak beste, hori salatu zuten ekintzan, baina "asmoa ez zen inor iraintzea", nabarmendu du.

Protesta hartan, kamiseta kendu zuen eta Aita Santuaren eta Gotzain Batzarraren kontrako aldarriak oihukatu zituen Maestrek. Sentimendu erlijiosoen kontrako delitua egin zuelakoan, urtebeteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak Ahora Madrid koalizioko kidearentzat, eta eskaera bera egin du Hector Meleiro Podemoseko kidearentzat ere.

Maestreren esanetan, "protesta baketsua" izan zen, eta beste neska batzuek bularretakoa bistan uzten zutela ikusita, berak ere gauza bera egin zuen. Dena den, horren iritzian, "biluzik egotea ez da iraingarria".

Protesta hark eduki dituen ondorioak ikusita, berriro ez lukeela egingo esan du Maestrek. Orduan, baina, "ez nuen uste delitua egiten ari nintzenik, protesta politiko bat besterik ez zen, beste batzuk bezalakoa", azaldu du.

Horren arabera, bera atxilotu eta gero, Carlos Osoro Madrilgo artzapezpikuari deitu zion protestaren nondik norakoak azaldu, eta, iraingarritzat joz gero, barkamena eskatzeko. Askatasun erlijiosoa errespetatu eta babestu behar dela erantzun omen zion hark, eta horretan bat datozela esan du Maestrek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gizartea Gaurko azken ordukoa