Gizartea -
MEMORIA HISTORIKOA
Santurtzik martxoaren 13an bozkatuko du herriko zazpi kaleren izena
Herritarrek 200 proposamen inguru bidali zituzten kale-izen batzuen izenak aldatzeko, eta Udalak hiru aukeratu ditu kale bakoitzarentzat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Santurtziko (Bizkaia) herritarrek zazpi kaleren izena hautatu ahal izango dute martxoaren 13an, bozketa bidez, Memoria Historikoaren Legea betetzeko. Aurretik, udal taldeek aho batez aukeratu dituzte kale bakoitzerako hiru hautagaiak.
Udalak gogorarazi duenez, orain pare bat hilabete Santurtzik prozesu parte-hartzaile bat abiatu zuen, udalerriko zazpi kaleren izena aldatzeko asmoz, Memoria Historikoaren Legea betetzeko.
Lanerako Mahaiak, Udaleko politikari eta teknikariek osatutakoak, kale bakoitzarentzat hautagai izango diren hiru proposamen aukeratu ditu. Zazpi kaleetarako, 200 proposamen inguru eman zituzten herritarrek. Udal taldeak azaldu duenez, Mahaiak kale bakoitzarentzat hautazko hiru izen jartzea adostu du, eta, ondoren, bozketa bidez onartu dituzte.
Prozesuak martxoaren 13an egingo den herri-bozketa batekin jarraituko du, 10:00etatik 20:00etara, udaletxeko harreran. Santurtzin erroldatuta dauden adineko pertsona guztiek bozkatu ahal izango dute, nortasun agiria erakutsiz. Botoa emateko txartelak martxoaren 1ean jarriko dituzte herriko zenbait puntutan eskuragai (Dorretxea, udal liburutegia eta Kabia eta Mamariga kulturguneak). Udalbatzak bozketatik aterako den emaitzari onespena emateko bozketa baten bitartez emango dio amaiera prozesuari.
Kale-izenak ordezkatzeko proposamenak
- Mendizabal kapitaina kalea: Itxasalde, Rompeolas edo Bolintxes.
- Calles maisua: Higarillo, Andereño eta maisuen kalea edo Habana baporea.
- Victor Saez: Hiru kontzeju, Martxoak 8 edo Hilerri zaharra.
- Daniel Pereda kalea: Araba, Torquillas edo Bizkaia.
- Ildefonso Arrola kalea: Kantauri itsasoa, Abra edo Juan XXIII.
- Jose Maria Larrea etxetaldea: Lagun Zaharrak, Frontoia edo Serantes.
- Leonor Amezaga kalea: Aldapa, Bellamar edo Bertsolaritza.