Gizartea -
Iragarpena
Giro lasaia astebururako
Tenperatura minimo eta izotzagatik abisu horia jarriko dute larunbatean, baina, gainerakoan, eguraldi egonkorra izango dugu egunotan.
EITB.EUS
Giro lasaia izango da nagusi asteburuan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera.
Eguraldi egonkorra izango da nagusi ostiral honetan. Hotza izan da goizean, eta izotza egon da barnealdeko hainbat tokitan (abisu horia ezarrita zegoen 10:00ak arte), baina eguzkiaren laguntzarekin 10-12 ºC-ko tenperaturak izango dira kostaldean eta 7-10 ºC-koak barnealdean.
Larunbatean, ez da aldaketa handirik egotea espero. Goizean, hodeiak sartuko dira tarteka, ipar partera bereziki, baina garrantzi txikikoak izango dira, eta urdina nagusituko da zeruan. Haizea hego-mendebaldetik sartuko da, eta giroa epelduko du: ostiralean baino pare bat gradu altuagoak izango dira beroenak. Aurreko egunean bezala, egunsentia hotza izango da. Hori dela eta, larunbaterako abisu horia ezarri du Segurtasun Sailak, tenperatura hotza eta izotza dela eta.
Igandean, udaberriko giroa izango da, eguzkiaz gain, tenperatura epelak espero direlako. Hego ukituko haizeak giroa epeltzen lagunduko dio eguzkiari: beroenak, 17-18 ºC-koak izango dira ipar isurialdean, eta 10-14 ºC-koak barnealdean.