Gizartea -

Jazoera

Fiskalak kontraesanak ikusi ditu Bastidako kasuko deklarazioetan

Hildako bikotearen semeek eta semeetako baten neska-lagunak deklaratu egin dute, eta fiskalari adierazpen kontrajarriak daudela iruditu zaio.

Kontraesanak daude hildakoen semeek eskainitako deklarazioetan

1:10

Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baionako fiskalak momentuz uko egin dio behin betiko bertsioa emateari atzo Bastidako udalerrian gertatutakoaz, non, ustez, gizonezko batek bere emaztea hil zuen, eta, jarraian, bikotearen seme bietako batek gauza bera egin zuen bere aitarekin.

Aipatutako gaztea, hankan bala-zauri bat duena, atxilotuta dago bere anaia eta honen neska-lagunarekin batera. Banaka deklaratu dute hirurek, baina bakoitzaren bertsioak kontrajarriak izan dira alderdi askotan, ETBk jakin ahal izan duenez.

Bikotearen hilotzak Baionako Auzitegiko Institutu Anatomikoan daude, eta bihar eramango dituzte Bordelera.

Bikote bat hilik

Berrogeita hamar urte inguru zituen bikote bat hilik agertu zen atzo, larunbata, Baionatik gertu dagoen Bastida herrian (Nafarroa Beherea), eguerdian laguntza-dei bat jaso ostean.

Antza denez, gizonak tiroz hil zuen emaztea eta, ondoren, semeak aita hil zuen. Fiskalak EiTBri baieztatu dioenez, gertatutakoaren bertsio hori kontatu dio semeak Poliziari.

Ezbeharra gertatu zen lekura bertaratu ziren, besteak beste, Errepublikako prokuradorea, Baionako Jendarmeriako kapitaina eta Pautik etorritako ikerlari talde bat.

Jendarmeriaren iturrien arabera, bikoteak errebolber batez egindako tiroak zituen, baina oraindik ez dira ezagutzen hilketen arrazoiak.

Iturri beren esanetan, gertakaria jazo zen unean bikotekidearen seme biak (20 urte inguruko bi gazte) etxean zeuden. Bi gazteak ospitaleratu egin behar izan zituzten, batek bala-zauri bat baitzeukan hanka batean, eta, bestea shock egoeran baitzegoen.

Errepublikako prokuradoreak gaur, igandea, prentsaurreko bat emango du 15:00etan, gertatutakoari buruzko xehetasun gehiago emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Baionako albisteak Gizartea Gaurko azken ordukoa