Gizartea -
Lan eskaintza publikoa
Osakidetzako proben berrikusketa hilabete honetan bukatuko dute
Behin betiko puntuazioak argitaratu eta gero, beste fase bat zabalduko da, oposizio fasea gainditu duten hautagaiek oinarrietan eskatzen den dokumentazioa aurkez dezaten.
eitb.eus
Osakidetzako 2014-2015 Lan Eskaintza Publikoaren proben berrikusketa hilabete honetan bukatuko dute. Azterketak azaroan eta abenduan egin zituzten, Donostian eta Barakaldon (Bizkaia). 40.500 pertsona aurkeztu ziren 1.014 lanposturako.
Jose Maria Armentiak, Osakidetzako giza baliabideen zuzendariak, Legebiltzarreko Osasun Batzordean agertu da gaur, 2014-2015ko lan-eskaintza publikoaren hautaketa-prozesuaren berri emateko.
Osakidetzako lan-eskaintza publikoaren oraingo egoerari buruz, hau esan du Jose Maria Armentiak Legebiltzarrean: “urtarrilean eta otsailean, orain arte, kalifikazio-epaimahaiak bilerak egiten ibili dira, egindako proba teorikoen erreklamazioak ebazteko. Hortaz, hilabete honetan bertan amaitutzat joko dugu proben berrikusketa-prozesua”.
Giza baliabideen zuzendariak azpimarratu du EPE horretara aurkeztu ziren 40.536 pertsonetatik 28.589k (hau da, 10etik 7k) gainditu zutela proba.
Oposizio fasea
Behin betiko puntuazioak argitaratu eta gero, beste fase bat zabalduko da, oposizio fasea gainditu duten hautagaiek oinarrietan eskatzen den dokumentazioa aurkez dezaten, Armentiak esan duenez.
“Osakidetzak prozesu guztiari eman nahi dion gardentasunaren erakusle, oposiziogileek beren curriculuma ikusi ahal izango dute, beren datu pertsonalak egiaztatzeko”, goraipatu du.
Armentiaren hitzetan, 1.014 lanpostuko EPE horrek berme juridiko guztiak betetzen zituen; horiek horrela, ez zioten errekurtsorik jarri eta gauzatu ahal izan zen, beste autonomia-erkidego batzuetako lan-eskaintza publiko batzuk ez bezala.
Legebiltzarreko agerraldian, Armentiak esan du Osakidetzako EPEra aurkeztu direnen % 17 beste autonomia-erkidegoetako profesionalak zirela. Sexuari dagokionez, aurkeztutakoen % 81,07 emakumeak ziren.
2016ko lan-eskaintza publiko berriari dagokionez, honako hau esan du: “kontu bat da deialdia onartzea eta beste bat probak egitea. Lehenengoa aurten egin behar da, baina bigarrenaren data edo datak ez dira zehaztu oraindik”.