Gizartea -
Barakaldo
Stock Euskadi azokaren 10. edizioa, martxoaren 4, 5 eta 6an BECen
11:00etatik 21:00ak arte egongo da irekita, eta ekitaldi honetan Cáritas Bizkaia elkarteari 3.000 euro emango dizkiete antolatzaileek, eta elkarteak stand propioa izango du azoka barruan.
eitb.eus
Stock Euskadi Azokaren hamargarren ekitaldia Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan egingo da, martxoaren 4tik 6ra bitartean.
11:00etan hasi eta 21:00ak arte egongo da zabalik, eta topaleku horretan askotariko erakusketariak bilduko dira beren produktuak salgai jartzeko. Besteak beste, alor hauetako produktuak izango dira bertan: moda, kirola, osasuna eta edertasuna, haurrak, oinetakoak, optika, aisia, informatika, argiztapena, etxeko gauzak, altzariak, etxetresna elektrikoak, artisautza, larrugintza, dekorazioa eta ikus-entzunezkoak.
Aipatutakoez gain, martxoko hitzorduak, berritasun gisa, gune berezia eskainiko die artisau-garagardoei eta foodtruck izenaz ezagutzen direnei, hau da, janaria saltzen duten eta oso era deigarrian dekoratuta egon ohi diren furgoneta ibiltariei.
Bisitariek bi euro ordaindu beharko dituzte bertara sartzeko, 14 urtetik beherakoek izan ezik, horiek doan sartu ahalko baitira. Antolatzaileek 6.000 euro banatuko dituzte bertaratzen direnen artean; 400 euro, bi orduan behin.
Azokak 45.000 bisita izatea espero dute. Euskadiko outlet handiena da, eta urtean zehar bi aldiz egiten da: martxoan eta azaroan. BECen webgunean ikus daitekeenez, 2016ko azarokoa hil horretako 4, 5 eta 6an egingo da.
Dirua Cáritas Bizkaia elkartearentzat
Stock Euskadi egitasmoak elkartasunari ere ireki zizkion ateak iaz, Euskadin lan nabarmena egin duen gobernuz kanpoko erakunde bati laguntzeko edizio bakoitzean. Martxoko edizioan, Minbiziaren Kontrako Espainiako Elkartearen Bizkaiko ordezkaritzari lagundu zioten, eta urrikoan, berriz, Euskadiko Unicef elkarteari.
Oraingo honetan, Cáritas Bizkaia aukeratu dute. Hori dela eta, elkarteak 3.000 euroko dohaintza jasoko du, eta stand bat izango du BECeko atarian, bertaratzen diren guztiei bere jardueraren berri emateko.
Diru-laguntza emateko ekitaldia BECen bertan egingo dute, martxoaren 5ean, goizean.