Gizartea -

Bilboko istiluak

Ernek dimititzea eskatu dio Ertzaintzako buruari

Bilboko istiluen aurrean "kudeaketa txarra" egin izana leporatu dio sindikatuak Gervasio Gabirondori.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erne sindikatuak dimititzea eskatu dio Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariari. Izan ere, atzo Bilbon Marseillako ultrek eragindako istiluen aurrean "kudeaketa txarra" egin izana egotzi dio.

Roberto Seijoo Erneko zuzendariak EFE agentzian kritikatu duenez, Gabirondo "Madrilgo azoka batean argazkiak egiten" ari zen bitartean, Bilbon "segurtasun publikoarekin lotutako arazo bat zegoen".

Sindikalistak salatu du EAEn ez dela ondo kudeatzen "segurtasun publikoa", ez baitute dirurik "gastatu" nahi arlo horretan. Horregatik, "ez dute segurtasun operazio [egokirik] diseinatzen istilu aurreikuspenak daudenean".

"Ekitaldi pribatuetan, ertzainen jardunagatik kobratu egingo dutela esaten duten bitartean (oharra: atzoko operazioa Athletici kobratu zion Jaurlaritzak), zerbitzu publikoak pribatizatzen ari dira", ohartarazi du.

Horren esanetan, Osakidetzan eta Hezkuntzan "ordezkapenak" egiten dira langileak faltatzen direnean, baina Ertzaintzan "ezin da egin halakorik", eta lan egitea ez dagokien langileei lan egitea eskatu behar diete. "Ez dietenez ordaindu nahi, aurreikuspen eskasak eta ez nahikoak egiten dituzte", gaineratu du.

Ertzain gutxiko operazio bat diseinatzea ertzainentzat eurentzat ere arriskutsua izan daitekeela nabarmendu du Seijook, eta, gainera, arazo judizialak izan ditzaketela azaldu du, indarraren erabilera bortitza egiten badute.

Horren aurrean, Erneren ordezkariak berriro eskatu du Ertzaintzako zuzendariaren kargu uztea, azken hiru urteetako haren "gaitasun ezak arazo ugari eragin baititu".

Seijook adierazi duenez, bere sindikatuak, ELArekin batera, bilera bat izango du datorren asteazkenean Euskadiko fiskal nagusiarekin, euskal Polizia autonomoaren egoera azaldu eta haren babesa eta laguntza eskatzeko xedearekin.

Sindikatu biek lehendakariari ere jakinarazi nahi dizkiote Ertzaintzaren kolektiboak dituen arazoak, horien aurrean Iñigo Urkulluk "ezin dezakeelako begiak itxita jarraitu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Zer gertatu da gaur Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa Gaurko azken ordukoa