Gizartea -
OSTIRALEAN ETA LARUNBATEAN
Ganga-azoka egingo dute asteburuan Bilboko Zazpikaleetan
200 saltokik hartuko dute parte azokan, eta % 90 arteko beherapenak eskainiko dira bertan, antolatzaileen arabera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ganga-azoka izango da ostiralean eta larunbatean Bilboko Zazpikaleetan, 'Ganga Market Casco Viejo-Zazpikaleak' lelopean. 200 saltokik hartuko dute parte bertan.
Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteak jakitera eman duenez, "aukera handiak" izango dituzte erosleek, "beherapenak % 50 eta % 90 artekoak izango baitira".
Aurten, gainera, ostalariek ere hartuko dute parte ekimenean. Hainbat tabernatan eskaintza bereziak egongo dira; pintxo-potea, esaterako.
Azokaren XXIII. edizioa da aurtengoa, eta, antolatzaileen hitzetan, Bilboko merkataritzarentzat urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa da. Aurreko urteotan bezala, milaka lagun espero dituzte azokan. Ekimenean parte hartu nahi duten merkatariek ez dute trukean ezer ordaindu behar.
Parte-hartzaileek ganga-azokaren ikurra jarriko dute atean eta saltokiaren aurrealdean, eta produktu guztiek hasierako prezioa eta merkatutakoa, biak, izango dituzte agerian, legeak ezarritakoa betez.