Gizartea -
Egiturari kalte egin dio
Eibarren su hartu duen etxebizitza behera etortzeko arriskua dago
Ebakuatu dituzten auzokideak etxera itzuli ahal izan dira dagoeneko.
Agentziak | Erredakzioa
Eibarko (Gipuzkoa) Arragueta kalean gertatu den suteak etxebizitza baten (21 zenbakia) egiturari kalte handiak egin dizkio eta eraikina behera etortzeko arriskua dago, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
45 urteko gizon bat bakarrik bizi zen bertan. Gizonak beso eta hanketan erredurak ditu eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute. Sua etxeko ganbaran piztu da.
Bestalde, 19 zenbakiko bizilagunak badaezpada etxetik atera dituzte; izan ere, suteak teilatuari eragin dio. Nolanahi ere, etxera itzuli ahal izan dira jada.
Larrialdietako teknikari bat bertaratu eta egoera aztertzen ari da, sua guztiz itzaltzeko zain. Sutea 09:30z geroztik kontrolpean dute suhiltzaileek, baina oraindik ez dute itzali.
21 zenbakiaren hirugarren solairuan kalte handiak egin ditu suak. Gainera, alboko etxebizitzaren teilatuari kalteak egin dizkio. Eibar, Oñati eta Azpeitiko suhiltzaileak lanean ari dira.
Sutea Eibarren. Argazkia: Odile Kruzeta