Gizartea -

Creativity Zentrum

Pecha Kucha Night Bilbora heldu da

Egindako lanak erakusteko aukera emanez, diseinatzaile eta arkitekto gazteak laguntzeko helburua duen ekitaldi informala da. Apirilaren 15ean egingo dute Bizkaiko hiriburuan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost kontinenteetan arrakasta izan duen ekitaldia helduko da Bilbora apirilaren 15ean: Pecha Kucha Night. Nazioarteko ekitaldi hau Tokion sortu zuten 2003ko otsailean, Klein Dytham Architecture estudioen eskutik.

Disenatzaile eta arkitekto gazteei egindako lanak erakusteko, jendea ezagutzeko eta biltzeko aukera ematea du helburu Pecha Kucha Nightek.

Urteekin ekitaldi jendetsua bihurtu da eta 200 hiri baino gehiagotan egiten dute. Mundu osoko sortzaileak biltzen dira bertan.

Oso ideia sinple batean oinarritzen da Pecha Kucha: 20 irudi x 20 segundo. Partehartzaile bakoitzak 20 irudi proposatzen ditu eta horietako bakoitza 20 segundotan igortzen da, bitartean partehartzaileek aurkezpena egin behar dutelarik. Formatu horrek aurkezpen erakargarriak, laburrak eta bizkorrak ahalbidetzen ditu.

Pecha Kucha ekitaldi informala da, baina publikoari egindako lana erakutsi nahi dioten gazteentzako aukera bat da, komunikabide erraldoietara heltzeko paradarik ez dutelako. Obrak erakutsi nahi dituzten artistentzat ere balio du, nahiz eta galeria bat osatzeko nahikoa ez izan.

Tokiotik Bilbora

Creativity Zentrum Bilbao elkarteak ekarri du Pecha Kucha Bilbora. 2009an elkarteak antolatutako bilera batean zenbait diseinatzailek ekimena Bilbora ekartzea proposatu zuten. Creativity Zentrum Tokiorekin harremanetan jarri zen eta apirilaren 15ean Bizkaiko hiriburuan izango da. Parte hartu nahi dutenak antolatzaileekin posta elektronikoz harremanetan jarri beharko dira apirilaren 8a baino lehen: info@creativityzentrum.com.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea