Gizartea -

Iruzurra

Banku-iruzurrak egiten zituen talde bat desegin dute Bilbon

22 pertsona atxilotu dituzte operazioan zehar: hamaika emakumezko eta hamaika gizonezko. Beste lau pertsona akusatuta daude, eta 42 salaketa argitutzat jo dituzte.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak dokumentazioa lapurtu eta dokumentazio horrekin bankuetan dirua iruzurrez ateratzen aditua den talde bat desegin du Bilbon. 200.000 euro eskuratu dituzte modu horretan, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

22 pertsona atxilotu dituzte operazioan zehar: hamaika emakumezko eta hamaika gizonezko. Beste lau pertsona akusatuta daude, eta 42 salaketa argitutzat jo dituzte.

Joan zen urte hasieran ekin zieten ikerketa-lanei, antzekoak ziren salaketak antzeman zituztenean. Hasiera batean biktimak 20-30 urte bitarteko emakumezkoak ziren, eta emakume horiei Bilboko gau-lokaletan dokumentazioa osten zieten.

Ondoren, biktimen itxurakoa zen beste emakume batek haren identitatea ordezten zuen dokumentazioaren titularrak kontua zeukan banketxean, eta leihatilan dirua ateratzen zuen eskudirutan. Bigarren fase batean, biktimak antzeko adineko gizonezkoak izatera pasatu ziren.

Ikerketaren arabera, talde kriminala zortzi pertsonaz osatuta zegoela zehaztu zuen. Pertsona horiek Bilboko lokaletan (baita beste zenbait herritan ere) lapurtzen zituzten dokumentazioak, oharkabean.

Bigarren aldi batean, dokumentazioen titularrak ziren antzeko pertsona zaurgarriak topatzean zetzan. Pertsona horiei komisio bat ematen zieten bankuetatik dirua ateratzeagatik.

Aipatu pertsonak modu egokian karakterizatzen zituzten, eta nola jokatu behar zuten esaten zieten. Bere egitekoa ez betetzekotan, mehatxatu egiten zituzten.

Lehendabizi banketxe batean kontu korrontean zegoen zenbatekoa arakatzen zuten; horren arabera, zenbat aterako zuten erabaki eta dirua beste banketxe baten ateratzen zuten.

Operazioan zehar taldeko zortzi buruak atxilotu edota erruztatu dituzte, baita beste hamazortzi pertsona ere (hamaika emakume eta zortzi gizonezko), bankuetan dirua ateratzeko ardura zutenak.

Taldeari 61 salaketa egozten zaizkio. Horietako 42 guztiz argitu dira, banketxeetan dirua atera zuten pertsonak nor izan ziren identifikatu baitituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa